Haizea Ziarrusta Intxaurtza, Diman (Bizkaia) jaio zen 1990. urtean. Kimikan Lizentziatua da eta 2014an Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra bukatu ondoren Doktoretza egitera animatu zen EHU/UPV-ko Kimika Analitikoa Sailean. Doktorego-tesiko lau urteetan zehar kutsatzaileek ur-ekosistemetan dituzten albo-ondorioak aztertu zituen. 2018. urtetik Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Teknikaria da.
Ingurumenarekiko duen kezka horrez gain, buruan dauzkan beste hamaika kontuetatik deskonektatzeko, ezinbestean gorputza mugitzeko beharra sentitu izan du betidanik. Urte askoan futbolean aritzeaz gain Euskal Herriko Ingude txapelduna ere izan zen 2015ean. Orain ere ez du kirola alde batera utzi eta, azken aldian, alabarekin batera Euskal Herriko mendiak zapaltzen gozatzen du gehien.